Erronka

PRAKTIKA ONAK: Balioak 4.0 eta Kultura Demokratikoa

Gune honetan jasotako praktika onek FP Euskadiko hainbat ikastetxetan garatutako esperientzia errealak biltzen dituzte, non balioen lanketa etorkizuneko profesionalen prestakuntza integralaren funtsezko parte den. 

Adibide hauen bidez, ekimen inspiratzaileak ikusarazi, ikaskuntzak partekatu eta irakasle-taldeek beren heziketa-zikloetan balioak eta kultura demokratikoa sustatzeko egiten duten lana azpimarratu nahi dugu. 

Aho-osasuna Senegalen sustatzeko proiektua: ikasgelatik mundura 

CIFP Barakaldo LHII

FP Barakaldo LHn, Higiene Bucodentala zikloa ikaskuntza-esperientzia eraldatzaile bihurtu da, prestakuntza teknikoa konpromiso sozialarekin, metodologia-berrikuntzarekin eta nazioarteko lankidetzarekin uztartzen dituena. “Senegalen aho-osasuna sustatzeko proiektua” adibide argia da nola Ethazi ereduak eta Baloreak 4.0 lan-ildoak ikaskuntza esanguratsua eta benetako eragina duten ekintzak susta ditzaketen. 
 
Proiektua ziklo osoaren diseinutik abiatzen da, Ethazi metodologian oinarrituta, eta baloreak prozesu osoan txertatzen ditu: erronken definizioan, lankidetzan, ebaluazioan eta emaitzetan. Baloreak 4.0 —elkartasuna, inklusioa, ekimena, interdependentzia eta gizarte-erantzukizuna— zeharkako ardatz bihurtzen dira, ez osagarri gisa, baizik eta ikaskuntza-prozesuaren parte gisa. 
Proiektu hau Erasmus+ mugikortasunen bidez sendotzen da, ikasleek eta irakasleek ikasgelan landutakoa bertan bertara praktikan jartzeko aukera izan dezaten. 2026ko maiatzean, 6 ikaslek eta 4 irakaslek —Barakaldotik eta Gasteiztik— Senegalera bidaiatu zuten aho-osasuna sustatzeko eta oinarrizko tratamendu bucodentalak egiteko, Sidibougou eta Saren osasun-zentroetan, baita Dara haurtegian ere. 15 egunetan, 100 ikasle baino gehiago artatu zituzten, eta Creando Futuros eta Euleuk GKEekin lankidetzan aritu ziren. 
Proiektu honek erakusten du LHk gizarte-eraldaketarako motor izan daitekeela, talentua , konpromisoa eta erantzukizun soziala uztartzen dituen prestakuntza eskainiz. FP Barakaldo LHn, ikaskuntza ez da gelan geratzen: mundura zabaltzen da, balioetan oinarrituta eta ekintzara bideratuta. 

 

Osasuna El Pilar auzotik zehar

IES Francisco De Vitoria BHI

“La salud camina por el barrio El Pilar” komunitate-proiektuaren esparruan, IES Francisco de Vitoria BHI ikastetxeko ikasleek ikaskuntza-zerbitzuko esperientzia batean parte hartzen dute, Gasteizko Udalak, Osakidetzak eta tokiko erakundeek bultzatuta, adineko pertsonen ongizatea sustatzeko. 

Erdi Mailako eta Goi Mailako zikloetako ikasleek, hala nola Aho-hortzetako Higienea, Mendekotasun-egoeran dauden pertsonen arreta eta Dietetika, beren ezagutza teknikoak benetako testuinguruetan aplikatzen dituzte, autozaintza, nutrizioa eta arriskuen prebentzioa lantzen dituzten tailerren bidez, autonomia pertsonala sustatuz. 

Esku-hartzea gelatik harago doa, auzoko ibilbide osasungarrien bidez, jarduera fisikoa dinamizatuz, inguruko baliabideak ezagutaraziz eta lotura sozialak sortzen lagunduz, nahi ez den bakardadeari aurre eginez.
Proiektuak arlo soziosanitarioko gaitasun teknikoak garatzea ahalbidetzen du, baita zeharkako gaitasunak ere, hala nola komunikazioa, enpatia eta talde-lana, eta solidaritatea, gizarte-konpromisoa eta erantzukizuna bezalako balioak indartzen ditu. 

Esperientzia honek agerian uzten du Lanbide Heziketak komunitatean duen eragin positiboa

Inmigrazioa Otxarkoaga Hezkuntza zentroan 

CPIFP Innovación Social Diego Berguices-Otxarkoaga LHIPI

Testuinguru inklusibo baten beharrari erantzunez, Centro Formativo Otxarkoagak aniztasuna ardatz duen hezkuntza-eredua garatu du, bereziki ikasle etorkinen harreran eta integrazioan oinarrituta. 

Ikastetxeak bultzatutako ekimen eta proiektuen bidez, ikasleek eskola gune seguru eta esanguratsu gisa bizitzea sustatzen da, haien oinarrizko beharrak bermatuz eta ikaskuntza-prozesuan beharrezko baldintzak sortuz. Horretarako, hasierako diagnostikoa egiten da tutoreen bidez, eta behar bereziak identifikatzen direnean, hezitzaile eta gizarte-integratzaileekin koordinatutako jarraipena eskaintzen da. 

Ekimenaren baitan, ikasleei laguntza integrala eskaintzen zaie hainbat arlotan: garraio eta jantoki bekak, hizkuntza-errefortzua, ibilbide sozioformatiboaren garapena eta laguntza ekonomikoen kudeaketa. Halaber, “Gazte On” programaren bidez, laguntzarik gabe iritsitako gazte helduei ibilbide soziolaboralean laguntzen zaie. 

Horrez gain, “Hamaiketakos con Techo” proiektuak ikasle zaurgarrienei gosari duina bermatzen die, irakasleen eta beste ikasleen inplikazioari esker. Bestalde, eskolak aniztasuna ikusgarri egiten du egunerokoan, hizkuntza desberdinetako elementuak txertatuz eta ikasle guztiek beren burua komunitatearen parte senti dezaten sustatuz. 

Kulturartekotasuna bultzatzeko, “Euskal Tamazgha” eta “Ametsangh” bezalako proiektuak garatzen dira, euskal eta amazigh kulturak uztartuz eta hizkuntza gutxituen balioa azpimarratuz, ikuspegi sortzaile eta berritzailetik. 

Ekimen hauek guztiek aukera ematen dute gaitasun tekniko eta sozialak garatzeko, baita autonomia, lankidetza eta erantzukizuna bezalako zeharkako konpetentziak indartzeko ere.  

Esperientzia honek erakusten du inklusioa ez dela aukera bat, baizik eta hezkuntza-sistemaren oinarri izan behar duen konpromisoa, ikasle guztien garapen pertsonal eta profesionala bermatzeko. 

Eskola txiki ilusio handi

Zubieta CIFP Usurbil LHII

Zubieta Lanbide Eskolako Fabrikazio Mekanikoko Produkzioa Programatzeko 1. mailako ikasleek Zubietako Herri Ikastetxearekin elkarlanean erronka solidario bat garatu dute. Erronkaren helburua eskola txikiko haurren garapena lagunduko duten materialak diseinatu eta fabrikatzea izan da. Horretarako, lehenik haurren beharrak zuzenean ezagutu zituzten, ondoren proposamenak prestatu, irakasleen ekarpenekin hobetu eta azken produktuak sortu zituzten. Prozesu osoan zehar haurrekin lankidentzan aritu dira, alde batetik eskola txikian eta bestetik Zubietako ikastxean ere bai. Behin erronkak bere amaierako fasera iritsita, aurkezpen egunean umeek jokuak, jostailuak eta bestelakoak probatzeko eta jolasteko aukera izan dute. 

Erronka honek ikasleen ikaskuntza aberastu du, benetako behar bati erantzun diotelako eta proiektu oso baten fase guztiak modu praktikoan bizitzeko aukera izan dutelako. Hala ere, esperientziaren baliorik handiena ez da soilik teknikoa izan; ekintza solidario baten parte izateak motibazio berezia piztu du ikasleengan, egindako lanak beste pertsona batzuengan izan duen eragin positiboa bertatik bertara ikusi baitute. Horrek konpromisoa, enpatia eta gizartearekiko erantzukizuna bezalako balioak indartu ditu, proiektuari esanahi eta gogobetetze berezia emanez.

Lankidetza eta inklusioa: IKASENPRESA 4.0 Balioekin 

IMH CIFP Maq.-Herramienta LHII

IKASENPRESA (enpresa simulatua) proiektuaren esparruan, IMHko Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioa zikloko ikasleek elkarlaneko ikaskuntzako esperientzia bat garatu dute Elgoibarko Institutuko Zereginen Ikaskuntzarako Gelako (ZIG) ikasleekin batera. Simulatutako enpresen bidez, ikasleek hainbat produktu diseinatu eta fabrikatu dituzte, hala nola nibel bat eta giltzatako bat; ZIG gelako ikasleek, berriz, IMHren instalazioak bisitatu eta produktuak fabrikatzeko prozesua zuzenean ezagutu ondoren, produktu horiek muntatzeaz arduratu dira. 
 
Ekimenak heziketa-zikloari lotutako gaitasun teknikoak testuinguru erreal eta esanguratsu batean garatzeko aukera ematen du, eta, aldi berean, Balioak 4.0 indartzen ditu: inklusioa, interdependentzia, ekimena eta elkartasuna. Esperientzia horrek erakusten du hezkuntza-proiektuak inklusioa, lankidetza eta pertsona guztien gaitasunak aitortzeko tresna bihur daitezkeela. 

Biziak salbatzen dituzten sehaskak Salesianos Deuston 

CPIFP Salesianos Deusto-M. Aux.-San. J. Bosco LHIPI

"Biziak salbatzen dituzten sehaskak" izeneko erronkarekin, Deustuko Salesianos ikastetxeko Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioko (Goi Maila) eta Mekanizazio eta Elektronika (Erdi Maila) heziketa-zikloetako ikasleek elkarlaneko ikaskuntza-esperientzia bat garatu dute helburu sozial argi batekin. 
 
Zikloen arteko baterako lanaren bidez, ikasleek tenperatura-kontrola eta fototerapia duten sehasken diseinuan, fabrikazioan eta muntaian parte hartu dute. Erronka horrek industria-ekoizpenaren benetako ingurunea simulatzen du. 
 
Ekimenak heziketa-zikloei lotutako gaitasun teknikoak ingurune aplikatu batean garatzea ahalbidetzen du, eta, aldi berean, elkartasuna, lankidetza, erantzukizuna eta gizarte-konpromisoa bezalako balioak indartzen ditu. Hainbat GKErekin lankidetzan arituz, fabrikatutako sehaskak Afrikako herrialdeetara eta beste eskualde batzuetara bideratzen dira, eta baliabide mediko nahikoak ez dituzten haur goiztiarren arreta hobetzen laguntzen dute. 
 
Esperientzia horrek erakusten du lanbide-heziketa funtsezko tresna bihur daitekeela gizarte-inpaktua sortzeko, ikaskuntza teknikoa eta giza konpromisoa uztartuz. 
 

Unrwa Gobernuz Kanpoko Erakundearekin (GKE) elkarlana

CIFP Escuela De Hostelería LHII (Leioa)

Leioako CIFP Escuela De Hostelería LHII eskolako Goi mailako “Sukalde Zuzendaritza” zikloko bigarren mailako erronka batean enpresa bat sortzeko lana dute, baina ez edozein enpresa, ekitaldi solidarioak eta iraunkorrak antolatzeko enpresa bat sortu behar dute. Horrela erronkari koherentzia eman eta Balioak 4.0 txertatu dira, inklusioa, solidaritatea eta ekimena landuz. 

Erronka UNRWArekin lankidetzan burutako sentsibilizazio saio batekin hasten da. Bertan hausnarketa bultzatu da gatazka-eremuetan ondare gastronomikoaren galerari eta gosea gerra-arma gisa erabiltzearen ondorioei buruz. Ondoren, Mohammad Farjallah errefuxiatu palestinarrak sukaldaritza palestinarreko tailerra gidatu du; bertan plater tradizionalak eta postrea prestatu, eta ondoren bezeroei eskaini zaie.  Amaieran, errezeta-liburua zabaldu da hezkuntza-komunitatean, Palestinako ondare gastronomikoa eta kulturala ikusarazi eta babesteko. 

 

Jarduerak eragin positiboa izan zuen ikasleengan, ikastetxean eta komunitatean. Ikasleek Palestinako herriaren errealitatea, gatazka armatuen ondorioak eta elikadurarako eskubidearen garrantzia hobeto ezagutu dituzte, gizarte-kontzientzia eta enpatia garatuz. Aldi berean, kultura arteko ikaskuntza eta herritartasun globaleko balioak indartu dira, gastronomia kultura-ondare gisa baloratuz. Sukaldaritza-tailerrak ikaskuntza praktikoa eta esanguratsua eskaini dute, lanbide-heziketa kausa sozial batekin lotuz. Komunitatean, Palestinako ondare gastronomikoa eta kulturala zabaldu dira, bai ikastetxe mailan eta baita bezeroen artean ere eta UNRWAren lana eta errefuxiatuen egoera ikusarazi dira. Gainera, elkarrizketa, kultura-aniztasuna, bizikidetza eta gizarte-konpromisoa sustatu ziren, ikastetxearen eta inguruko komunitatearen arteko loturak sendotuz. 

Elkartasuna Martxan: Plaiaundi GKEak ezagutzen eta laguntzen 

CIFP Plaiaundi LHII

CIFP Plaiandu LHII ikastetxeko Garraio eta logistikako goi-mailako zikloko erronka batean oinarrituta, ikastetxe mailako lanketa eta bilketa solidarioa garatu da, ikasleen ekimena, elkartasuna eta konpromiso soziala sustatzeko helburuarekin. Hasieran, jarduera Garraio eta logistika zikloko ikasleen programazioaren barruan garatzen bada ere, ikasturte honetan ikastetxe osora zabaldu da eta familia guztien parte hartu dute. Lehengo saio batean ikasleekin elkartasuna, GKEen zeregina eta gizarte-errealitate desberdinak landu dira. Ondoren, talde bakoitzak GKE bat aukeratu, haren jarduera eta beharrak aztertu eta erakundearekin harremanetan jarri da. Bildutako informazioarekin sentsibilizazio-kanpainak prestatu dira, eta amaieran hainbat GKEren aldeko bilketa solidario bateratua antolatu da. 

Ekimenak eragin oso positiboa izan du ikasleengan eta hezkuntza-komunitatean. Ikasleek elkartasuna eta gizarte-konpromisoa lantzeaz gain, gizartean dauden behar eta errealitate anitzak ezagutzeko aukera izan dute, eta beren ekimenaren bidez eraldaketa sozialak sustatzeko gaitasuna dutela ikusi dute. GKEekin harreman zuzena izateak bilketari zentzu handiagoa eman dio, eta parte-hartzea zein motibazioa handitu ditu. Era berean, ikasleek eta irakasleek elkarlanean jardun dute, ikastetxe barruko harremanak eta lankidetza-sareak sendotuz. Jarduerak komunitatearekiko lotura ere indartu du, gizarte-erakundeekin lankidetza sustatuz eta balioen hezkuntza ikastetxeko ziklo eta etapa gehiagotara zabaltzen lagunduz.

Komunitatea eraldatzeko webguneak diseinatzen

IES Xabier Zubiri-Manteo BHI

IES Zubiri Manteo BHIko Mikroinformatika Sistemen eta Sareen Erdi Mailako zikloan (1. maila), ikasleek Balioak 4.0 lantzen dituzte (inklusioa, interdependentzia, ekimena eta elkartasuna), ikaskuntza teknikoa eta konpromiso soziala uztartzen dituen erronka baten bidez. Balio horiei sarrera egin ondoren, egoera errealista bat planteatzen zaie: iraunkortasunarekin eta pertsonen ongizatearekin konprometitutako enpresa baten parte izatea. 

Erronka bi egunez garatzen da, eta bere komunitatearen beharrei erantzutera eta gizarte inklusiboago eta iraunkorrago bati laguntzera bideratutako doako lau zerbitzu eskaintzen dituen web orri bat diseinatzean datza. Taldeka antolatuta, ikasleek zerbitzuak definituko dituzte, nola gauzatuko diren zehaztuko dute eta Google Sites-ekin sortutako webgune batean argitaratuko dituzte, haien funtzionamenduari buruzko informazio praktikoa erantsita. Jarduerak zikloaren konpetentzia teknikoak eta zeharkakoak garatzea ahalbidetzen du, ikasleek ingurunean inpaktu positiboa sortzeko gaitasunari buruz hausnartzen duten bitartean. Webgune hau sortzeak aukera ematen die teknologia eta inguruko beharrak konektatzeko eta beren ezagutzak erabiliz gizarte inklusiboagoa eta iraunkorragoa eraikitzeko nola lagun dezaketen hausnartzeko.

ARTCCESIBLE ADVANCED – Artea pertsona guztientzat irisgarri egiten 

CPES Ortzadar BHIP

ARTCCESIBLE ADVANCED Ortzadarreko Hasierako Lanbide Heziketako (FPGB) ikasleek GarageLab espazioan garatzen duten proiektua da, Euskaltel Fundazioa, Fundación Orange, ONCE eta Chillida Lekurekin elkarlanean. Ikasleek Eduardo Chillidaren eskulturen erreprodukzio irisgarriak diseinatu eta fabrikatzen dituzte 3D inprimaketa erabiliz, braillea, erliebeak eta ukimen bidezko esploraziorako baliabideak txertatuz. Piezak ONCEko profesionalek eta afiliatutako pertsonek balioztatzen dituzte, eta ondoren Chillida Lekuri entregatzen zaizkio, artea pertsona itsu edo ikusmen-desgaitasuna duten pertsonengana hurbiltzeko eta kultura-ondarerako sarbidea zabaltzeko. 

Erronkak kanpo-aitorpen garrantzitsuak jaso dituen arren, 4th International Solidarity FabLabs Challenge lehiaketako Epaimahaiaren Saria esaterako,  erronkari esker ikasleek zentzu bat duen ikaskuntza-esperientzia bizi dute. Beren ezagutzek beste pertsona batzuen bizitza hobetu dezaketela egiaztatu dute eta autoestimua, motibazioa eta etorkizunarekiko itxaropenak indartu dituzte. Erronkak gainera, lankidetza sortzen du hezkuntzaren, kulturaren eta hirugarren sektorearen artean (Ortzadar, Fundación Orange, ONCE eta Chillida Leku). Eta nola ez, pertsona itsuek edo ikusmen-desgaitasuna duten pertsonek gaur egun Eduardo Chillidaren obraren zati bat ukimen bidez ezagutzeko aukera dute, ONCErekin batera balioztatutako esperientzia irisgarrien bidez. 

ADEMGI Challenge: erronka erreal batetik abiatutako Balioak 4.0 

CIFP Tolosaldea LHII

Tolosaldea LHIIko Gizarte- eta Kirol-irakaskuntza eta -animazioko ikasleek ADEMGI, Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteak antolatutako ideia-lehiaketan parte hartu dugu. Erronkak Esklerosi Anitza duten pertsonen eta haien familia zein laguntzaileen bizi-kalitatea hobetzeko proposamen berritzaileak sortzea zuen helburu. 

Lehenik eta behin, gaixotasunaren inguruko lanketa egin da: zer den, zer eragin dituen eta nola garatu daitekeen ulertzeko oinarrizko ezagutzak landuz. Ondoren, ideia-jasa dinamiken bidez mota askotako proposamenak sortu dituzte ikasleek (zerbitzuak, baliabideak eta ekimenak), eta gero taldeetan ideiak garatu. Prozesu horretan, ikasle-talde baten proposamena ADEMGIk antolatutako lehiaketan finalista izatera iritsi zen. 

Ekimen honek Balioak 4.0 —inklusioa, interdependentzia, ekimena eta elkartasuna— modu zuzenean lantzeko aukera eman digu. Elkarteko pertsonak ezagutzeak eta haien testigantzak entzuteak errealitatea gertutik bizitzeko aukera eman digu, errealitatearekiko ikuspegia zabalduz eta gizartearekiko konpromisoa indartuz.  

ADEMGI Challenge: Diseinu inklusiboa praktikan: IBILSEGUR

CPIFP Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastola LHIPI

Erdi mailako Mendekotasun egoeran dauden pertsonei arreta teknikariek parte hartu dute ADEMGI Challegen lehiaketan. Erronka honen helburua esklerosi anizkoitza duten pertsonen autonomia, segurtasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko laguntza-produktu berritzaile bat diseinatzea izan da. Horretarako, kolektibo honen eguneroko zailtasunak aztertu genigtuen, bereziki mugikortasunarekin, orekarekin eta erortzeko arriskuarekin lotutakoak. Azterketa horren ondorioz, IBILSEGUR izeneko bastoi ingeles hobetua proposatu genuen, GPS sistema, SOS botoia, argi txikia eta egonkortasuna handitzeko tripode moduko oinarria barne hartzen dituena. Ezaugarri horiei esker, erabiltzailearen autonomia, segurtasuna eta konfiantza areagotzen dira, eta aldi berean familiei lasaitasun handiagoa eskaintzen die larrialdi-egoeretan laguntza azkarra jasotzeko aukera emanez.  

Aurreikusitako produktua ezin izan zen fisikoki gauzatu, baina egindako lanak balio handia izan zuen; bereziki, Challenge-ean proiektua aurkeztu zenean, esklerosi anizkoitza duten pertsonen ekarpenak oso positiboak izan baitziren, eta proposatutako ideiaren erabilgarritasuna eta egokitasuna nabarmendu zituzten erabiltzaileek. Horrek aukera eman zuen erabiltzaileen benetako beharrei buruzko ezagutza sakontzeko eta etorkizunean garatu daitezkeen irtenbide inklusibo eta erabilgarriak diseinatzeko 

Balioen "tximeleta efektua": eskolaren begirada eraldatzen du

CPIFP Zabalburu LHIPI

CPIFP Zabalburu LHIPI ikastetxean ekintza bat egiten da ikastetxe mailan, balioen ikuspegi orokorra lantzeko. 
 
BALIOAK 4.0 prestakuntzak jada egiten ditugun eta balioekin lotura duten ekintza asko identifikatzen lagundu zigun eta lana hori ikustarazteko espazioa sortzea erabaki zen. 
 
“Gure balioak” txokoan, balioen zuhaitza da eta bertan edozeinek imanak dituzten koloretako tximeletak jar ditzake. Tximeleta bakoitzean ekintza eta horri lotutako balioak idazten dira. Horrela, positiboki sinbolizatzen dugu "tximeleta efektua": "Ekintza txikiak, aldaketa handiak". Gure ingurunea pertsona eta profesional gisa nola eraldatzen dugun erakusteko modu erraz eta polita da. 
 
Txoko horri esker, kontzientzia handiagoa dugu, eta balioekin lotuta ikastetxean egiten diren ekintzak ezagutu eta ikusarazten ditugu. Sentsibilizazioan laguntzen du, kolektibo osoa inplikatuago baitago eta egunerokotasunari arreta handiagoa jartzeko lagungarria da. Gainera, inspiratzailea ere bada, balioen ikuspegitik eragin soziala duten ekimen berriak bultzatzera animatzen duelako. 

Belaunaldien arteko zubiak: iraganetik ikasi, etorkizuna eraikitzeko 

CIFP Andra Mari LHII

Ikasturte honetan II. Belaunaldien Arteko Topaketa ospatu da. Ekimen honek ikastetxeko egungo ikasleak eta irakasleak erretiroa hartutako irakasle ohiekin elkartu ditu, ezagutza partekatua eta lanbideen bilakaera balioan jartzeko. Jardueraren helburua esperientziaren eta hezkuntza-berrikuntzaren arteko topagune bat sortzea izan da. Irakasle ohiek beren ibilbide profesionala eta irakaskuntza-esperientzia partekatu dituzte, azken hamarkadetan beren lan-arloek izan duten bilakaera azalduz. Aldi berean, ikasleek eta egungo irakasleek ikastetxean txertatutako aurrerapen teknologikoak erakutsi dizkiete, hala nola ikasgela murgiltzaileak, tresna digitalak eta ikaskuntzarako baliabide berriak. 

Topaketak eragin oso positiboa izan du parte-hartzaile guztiengan. Ikasleek lanbideen bilakaera lehen eskutik ezagutzeko aukera izan dute, aurreko belaunaldien esperientzia balioan jarriz eta belaunaldien arteko ikaskuntzaren garrantziaz jabetuz. Era berean, erretiroa hartu duten irakasleek ikastetxearen eraldaketa teknologikoa eta metodologikoa ezagutzeko aukera izan dute, hezkuntza-komunitatearekiko lotura sendotuz. Esperientzia honek errespetua, lankidetza, esperientziaren aitortza, bizialdi osoko ikaskuntza eta belaunaldien arteko elkarrizketa sustatu ditu, tradizioa eta berrikuntza elkar osatzen direla eta etorkizun hobea eraikitzeko ezinbestekoak direla erakutsiz

Food Includes: gastronomia gizarteratzeko eta inklusioa sustatzeko tresna 

CPIFP Cebanc LHIPI

CPIFP Cebanc LHIPI ikastetxeak Food Includes Europako proiektuan parte hartu du. Europar Batasunak babestutako ekimen honen helburua gastronomia erabiltzea da gizarteratzea sustatzeko eta hezkuntzan zein lan-munduan sartzeko zailtasun handiagoak dituzten pertsonentzako aukerak sortzeko. Proiektuaren baitan, janari-jaialdi bat antolatu zen, eta hainbat herrialdetako eta kultura desberdinetako pertsonek beren gastronomia tradizionaleko platerak prestatu zituzten. Aldi berean, ikasleek euskal sukaldaritzako produktu tipikoak egin zituzten, kultura arteko topagune eta ikaskuntza-esperientzia aberasgarria sortuz. 

Esperientziak eragin oso positiboa izan zuen bai ikasleengan bai parte-hartzaileengan, lankidetza, kultura-aniztasunarekiko errespetua eta elkarrekiko ikaskuntza sustatuz. Gastronomiaren arloko gaitasun profesionalak garatzeaz gain, ikasleek inklusioa, aukera-berdintasuna, kultura arteko bizikidetza eta gizarte-konpromisoa bezalako balioak indartu zituzten. Proiektuak agerian utzi zuen sukaldaritza tresna eraginkorra dela oztopoak gainditzeko, pertsonen arteko harremanak sendotzeko eta guztientzako ikaskuntza- eta gizarteratze-aukerak sortzeko. 

Ezkontza inklusibo bat: aniztasunetik ikasten

Irudika LHI - CIFP Monte Albertia LHII

Erdi mailako Ile-apainketa eta Kosmetika Kapilarreko ikasleek Balioak 4.0 – Inklusioa lantzen ekimenaren barruan "Ezkontza bateko gonbidapena" erronka garatu dute. Erronkaren abiapuntua ezkontzekoak diren bikote bati irudi-proposamen pertsonalizatuak diseinatzea izan da, bezeroen ezaugarriak, nahiak eta estiloa kontuan hartuta. Kasu honetan, bikoteko kideetako batek desgaitasuna duenez, ikasleek inklusioa, irisgarritasuna eta pertsona bakoitzaren behar espezifikoak kontuan hartzearen garrantzia landu dute, edertasunaren eta irudi pertsonalaren arloan ere. Jarduera honek gaitasun teknikoak garatzeaz gain, etorkizuneko jardun profesionalari buruz hausnartzeko aukera eskaini die, benetako egoeretan oinarritutako ikaskuntza sustatuz eta bezeroarekiko arreta pertsonalizatu eta errespetuzkoa indartuz. 

Erronkaren bidez, ikasleek inklusioaren balioa modu praktikoan landu dute, pertsona bakoitzaren errealitatea, jatorria eta aniztasuna errespetatzearen garrantziaz jabetuz. Esperientziak komunikazioa, entzute aktiboa eta enpatia garatzen lagundu die, pertsonak proiektuaren erdigunean kokatuz eta haien bizipenak balioan jarriz. Horrez gain, hausnarketa pertsonala sustatu da, ikasle bakoitzak gizarte inklusiboago bat eraikitzeko egin dezakeen ekarpena identifika dezan. Horrela, konpetentzia profesionalekin batera, etorkizuneko lanbidean ezinbestekoak diren balio sozial eta etikoak ere sendotu dituzte. 

PRAKTIKA INSPIRATZAILEAK

Partekatu zure praktika inspiratzaiela esteka honen bidez:
Praktika inspiratzaileak 2027

Praktika bakoitzeko galdetegi bat behar duzue eta galdetegia bete ondoren ethazi@itlent.eus helbidetik mezu bat jasoko duzue. Bertan esteka bat egongo da praktikari dagokion fitxategia gurekin partekatzeko. Oso garrantzitsua da galdetegian emaila ondo idaztea.
Praktika inspiratzaileak 2027

Mila esker partekatzeagatik