Irakasleen garapen profesionala
FP Euskadi 2030 Estrategiaren esparruan, irakasleen garapen profesionala funtsezko elementua da Lanbide Heziketaren eraldaketan eta etengabeko hobekuntzan aurrera egiteko. Horretarako, garapen profesionaleko eredu integral eta jarraituaren aldeko apustua egiten da, irakasleen eta irakasle-taldeen gaitasunak sendotuko dituena eta LHren oraingo eta etorkizuneko erronkei erantzuteko aukera emango diena.
Garapen profesionala bideratzeko esparrua
iTlent irakasleen garapen profesionalerako esparru propioa bultzatzen ari da, FP Euskadiko ikaskuntza-ereduaren testuinguruan (ETHAZI).
Esparru honek hazkunde profesional indibiduala zein kolektiboa bideratzen du, eta irakasleen garapen profesionala hiru arlo handitan antolatzen du:
Irakaskuntza – Ikaskuntza: Nola irakasten dugu?
Irakaskuntza-jardunaren dimentsio pedagogikoa eta didaktikoa garatzen du, eta, horretarako, metodologia aktiboak, erronketan oinarritutako ikaskuntza, ikaskuntzarako ebaluazioa eta elkarlana txertatzen ditu.
Gizarte- eta hezkuntza-arlo integrala: Nola laguntzen dugu?
Irakaskuntza-lanaren dimentsio sozioedukatiboa eta zeharkakoa integratzen ditu, ikasleen garapen pertsonala, soziala eta konpetentziala bultzatuz. Honako eremu hauek hartzen ditu barnean: orientazio profesionala, balioak, aniztasunarekiko arreta, ekintzailetza edo kudeaketa emozionala.
Lidergoa eta konpromisoa: Nola hazten gara profesionalki eta talde gisa?
Hobekuntza-, berrikuntza- eta eraldaketa-prozesuak bultzatzeko gaitasuna sustatzen du, lankidetzan, koordinazioan eta hezkuntza-proiektuarekiko konpromiso partekatuan oinarrituta.
Garapen-prozesu progresiboa
Irakasleen garapen profesionala bost mailatan pixkanaka aurrera egiten duen ibilbidetzat hartzen dugu:
Ulertu → Esploratu → Diseinatu → Inplementatu → Ebaluatu
Prozesu horrek ikaskuntza indibiduala eta irakasle-taldeko lana uztartzen ditu, aldaketak hezkuntza-praktikan eta heziketa-zikloen antolamenduan benetan integratzea erraztuz.
Nola bultzatzen dugu irakasleen garapen profesionala
iTlent-etik, prozesu hori hainbat estrategia osagarriren bidez laguntzen dugu:
- FP Euskadiko ereduarekin lerrokatutako prestakuntza-eskaintza. Eredua ulertzeko eta praktikan aplikatzeko prestakuntza-ekintzak eskaintzen dira.
- Ikastetxe bakoitzaren beharretara egokitutako prestakuntzak. Ikastetxe bakoitzak errealitate propioa du. Horregatik, iTlent-en "neurrira" diseinatutako prestakuntzak garatzen ditugu, ikastetxe bakoitzaren proiektu estrategikoarekin bat datozenak eta ikastetxe bakoitzaren behar zehatzei egokituak, aldaketa-prozesu errealistak, progresiboak eta iraunkorrak erraztuz.
- Bidelaguntza. Ikaskuntza-eredua aldatzeko, etengabeko bidelaguntza behar da. Horregatik, iTlent-ek honako hauek eskaintzen ditu:
- Ikastetxeei zuzeneko bidelaguntza ematea
- Mentoring-prozesuak, ETHAZI eredua ezartzen esperientzia duten irakasleen bidez (aRituak). Irakasle horiek beren irakaslana eta iTlent-en kolaborazioa uztartzen dituzte.
- Ikaskuntza-koordinatzaileei laguntzea, horiek funtsezkoak baitira ikastetxe bakoitzean FP Euskadiko ereduaren garapena sustatzeko eta sendotzeko.
Praktikan eta etengabeko hobekuntzan oinarritutako ikuspegia
iTlent-eko irakasleen garapen profesionalerako ekintza guztiek printzipio batzuk partekatzen dituzte, ETHAZI ereduarekiko koherentzia eta irakaskuntzan duen eragina bermatzen dutenak:
Eragina: praktika eraldatzea ikaskuntza hobetzeko
- Gogobetetze-maila
- Aplikagarritasun- eta praktikotasun-maila
- Ikasgelan sortutako aldaketak
- Ikasleen ikaskuntza hobetzea
- Eraldaketak ikastetxeetan
- Sortzen ari diren edo aurreikusi ez diren aldaketak
Irakasleen garapen profesionalaren azken helburua Lanbide Heziketako sisteman benetako inpaktu iraunkorra sortzea da. Eragin hori hezkuntza-praktikan, ikasleen ikaskuntzetan, taldeen funtzionamenduan eta ikastetxeen eraldaketa-gaitasunean islatu behar da.
Horregatik, iTlent-ek bere prestakuntza- eta laguntza-ekintzen eragina neurtu eta aztertzen du, etengabeko hobekuntza-prozesu baten zati gisa, honako alderdi hauek kontuan hartuta:
Horrela, irakasleen garapen profesionala kultura profesional bat sendotzera bideratutako prozesu bat da, non irakasleak, irakasle-taldeak eta ikastetxeen sarea ikaskuntza- eta eraldaketa-gune aktibo bihurtzen diren. Hezkuntza-praktika hobetzera eta ikasleei ikaskuntza-esperientzia gero eta esanguratsuagoak, inklusiboagoak eta etorkizun profesional eta pertsonalarekin konektatuagoak eskaintzera bideratutako kultura.





