Eredua ezartzeko laguntza
Lan-lerro honek Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeei eta haien irakasle taldeei ETHAZI eredua (Euskadiko Lanbide Heziketaren ikaskuntza-eredua) ezartzeko, hobetzeko eta aberasteko laguntza diseinatu eta garatzen du.
Laguntzaren helburu nagusia da Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeei ETHAZI eredua garatzeko orientazioa eta aholkularitza ematea, ikastetxe eta/edo talde bakoitzaren behar eta ezaugarrietara egokitutako gertuko prozesu baten bitartez.
Lerro hau hainbat arrazoirengatik da garrantzitsua:
Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeek ikaskuntza-eredua berdin uler dezaten eta beren helburuak norabide horretan bidera ditzaten sustatzen du.
ETHAZI eredua ezartzeko prozesua ikastetxe eta irakasle talde bakoitzaren ezaugarrietara egokitzeko aukera eskaintzen du, eta, horrela, tresna egokiak eskaintzen dizkio.
Ikastetxe bakoitzean ereduaren garapena sakonki ezagutzea ahalbidetzen du, eta, behar izanez gero, prozesuak eta estrategiak egokitzeko aukera ematen du.
Ikerketak eta esperientziak erakusten digutenez, gure estrategia eraldatzailea izatea eta gizarte- eta produkzio-ingurunean benetako eragina izatea nahi badugu, beharrezkoa da estrategia hori Euskadiko Lanbide Heziketaren sistema osoan barreiatzeko estrategia global gisa diseinatzea eta gauzatzea; Lanbide Heziketako eragile gutxi batzuek garatutako ekintza apartak ez dira nahikoa.
Horrenbestez, ikastetxe bakoitzean ikaskuntza-ereduaren bilakaera eta egokitzapena arintzen dituzten elkarlaneko sareen ingurunea sortzen dugu. Sare horiek egiturazko osagai hauek dituzte:
- iTlent taldea: hor ikertu eta garatzen ditugu Euskadiko Lanbide Heziketaren ikaskuntza-eredua definitzen duten konpetentzia-garapenak ahalbidetzen dituzten elkarlaneko ikaskuntzaren estrategiak. Halaber, Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeetara transferitzeko ekintzak diseinatu eta gauzatzen ditugu, haien egoera partikularra kontuan hartuta. Euskadiko Lanbide Heziketan ETHAZI ereduaren erreferente gisa funtzionatzen duten pertsonen taldea da.
- aRituak: Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeetako pertsonak dira, eredua abian jartzen esperientzia dutenak. Eredua definitzen duten elementuen aplikazioa analizatzeko, kontrastatzeko eta ikusteko gaitasunagatik nabarmentzen dira, baita komunikatzeko erraztasunagatik eta irakasle taldeekiko hurbiltasunagatik ere. aRituek ikaskuntza-eredua ezartzen eta garatzen laguntzen eta gidatzen dituzte Euskadiko Lanbide Heziketako zentroak, eta iTlent erreferentziazko dinamizatzaileekin batera, prestakuntza-zentroetatik hurbilen dauden nodoak dira. Horrela, proposamenak kontrastatzeko irisgarritasuna eta prestasuna ziurtatzen dute.
- Ikaskuntza-koordinatzaileak: Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeetako pertsonak dira, Euskadiko Lanbide Heziketaren ikaskuntza-eredua ikastetxe bakoitzean ezartzeak eragiten duen aldaketa gidatzen dutenak. Funtsezko figura da; izan ere, aldaketaren diseinu estrategikoa egiteaz gain, ekintza bultzatzen du bere ikastetxean, alde batetik, zuzendaritza-taldearekin eta, bestetik, irakasle talde guztiekin duen harreman estuaren bidez; gainera, nodo gisa jarduten du iTlent dinamizatzen duten pertsonekin eta aRitu gisa funtzionatzen dutenekin batera osatzen dituen elkarlaneko sareetan.
- Irakasle taldeak: funtsezko pieza dira, eta haiek gabe ikaskuntza-eredua hedatzeko ekintza-estrategia guztiak ez luke emaitzarik izango; izan ere, ikasleen talentua garatzea ahalbidetuko duten ikasteko prozesuak diseinatu eta gidatzen dituzte ikasgeletan, eta horixe da Euskadiko Lanbide Heziketaren sistemaren helburu nagusia.
iTlentetik ezagutza transferitzeko prozesuak koordinatzen ditugu, eta irakasleei prest-ekintzako programak (ekintzaren bidezko prestakuntza), entrenamendua eta laguntza eskaintzen dizkiegu, ikerketa- eta ekintza-lerro bakoitza garatzeko aukera izan dezaten, beren jarduera eraginkorra eta gogobetegarria izateko behar diren baliabideak eta laguntza edukiko dituzten konfiantzarekin.