ETHAZI
Zer da ETHAZI?
ETHAZI Euskadiko LHko ikaskuntza-eredua da, eta haren helburu nagusia talentua duten profesionalak prestatzea da, etengabe aldatzen ari diren testuinguru profesionalei eta sozialei hobeto aurre egin ahal izateko.
Horretarako, Euskadiko Lanbide Heziketak ikastetxeetan elkarlaneko ikaskuntzako testuinguruak sortzea proposatzen du, ikasleak beren ikaskuntza-prozesuaren protagonista diren erronketan oinarrituta. Testuinguru horien bidez, ikasleek konpetentzia profesionalak (teknikoak, pertsonalak eta sozialak) entrenatu eta garatzen dituzte.
Ereduaren malgutasunak aukera ematen du ikaskuntza-prozesuan beste hainbat alderdi garrantzitsu txertatzeko, hala nola kultura ekintzailea, pentsamendu sortzailea, balioetan oinarritutako prestakuntza, gaitasun digitalen garapena, ikaskuntzarako tresna aurreratuak edo STEAM begirada.
ETHAZI ikaskuntza ereduaren ezaugarriak
Ondorengo infografiak ETHAZI eredua osatzen duten oinarrizko elementuak jasotzen ditu:
Erronketan oinarritutako elkarlaneko ikaskuntza
Ikasgelaren proposamen didaktikoa egituratzen duen ereduaren elementu nagusia da; hala ere, gainerako elementuak ere elkarlaneko ikaskuntzaren oinarri diren zutabeak dira, eta horiek gabe ezin dira ikaskuntza-testuinguru horiek sortu.
Erronkak lantaldetan egituratutako ikasle taldei bati planteatutako egoera problematikoak dira, non lan-prozesua beti elkarlanekoa den eta ikasleei egoera erronka gisa bizitzeko aukera ematen dieten; hortik abiatuta, beharrezko ezagutza sortu behar dute, soluziorik onenak eman ahal izateko..
Prozesu egituratu horren bidez, ikasleak banakako zein taldeko ekintzan jartzen dira, eta zikloaren funtsezko gaitasunak eskuratzeko prozesuan eboluzionatzen dute.
Moduluartekotasuna
Erronkak laneko errealitateko jarduera-egoeretara ahalik eta gehien hurbiltzeko, ezinbestekoa da erronka horiek diziplina anitzeko ikuspegi batetik diseinatzea. Horretarako, sakon aztertu behar dira zikloko gaitasun profesionalak eta sektorearen errealitatea, bai eta ikasleen ingurune soziala ere.
Auto-kudeatutako irakasle taldea
Proposatzen den ikaskuntza-prozesurako, ezinbestekoa da irakasle-taldeen talde-lana eta erantzukizun partekatua sustatzea. Kide-kopuru txiki batez osatutako taldeak dira, eta, talde gisa, heziketa-ziklo osoaren erantzukizuna beren gain hartzen dute. Autokudeaketa-maila handi baten bidez, ordutegiak, espazioen erabilera, ordezkapenak eta abar ikasleen ikaskuntzaren garapenak edozein unetan planteatzen dituen beharretara egokitu ditzakete.
Antolaketa malgutasuna
Erronketan oinarritutako Elkarlaneko Ikaskuntzarako testuingurua sortzeak antolaketa-malgutasuna eskatzen du; baliabideak eta ordutegiak berregituratzeko beharra sortzen da, baita ikaskuntza-prozesuaren beharrei erantzungo dieten balio anitzeko espazioak diseinatzeko eta horien erabilera malgutzeko beharra ere. Malgutasun hori irakasle-taldeei eta heziketa-zikloan zehar ikasleek osatzen dituzten taldeei ere helarazten zaie. Malgutasun horrek guztiak ikaskuntza-ingurune dinamikoagoa eta ikaskuntza-prozesuan zentratua sortzen du.
Eboluziora begirako gaitasunetan oinarritutako ebaluazioa
ETHAZI ikaskuntza-ereduaren esparruan, ebaluazio formatiboa edo hezitzailea funtsezko tresna da, eta ikaskuntza-prozesuan bertan txertatuta dago. Helburu nagusia ikasleei beren gaitasunen bilakaeran laguntzea da.
Ikasleak beren bilakaeraz jabetu daitzen, ereduak garrantzi berezia ematen die hausnarketari, banakakoa zein taldekoa, eta feedback formatiboari prozesu osoan zehar; horretarako, autogogoeta sustatzen du eta bere jarduna hobetzeko erabakiak hartzeko aukera ematen die. Kalifikatzeaz haratago doan prozesu batean, etengabeko hobekuntza eta ikaskuntza esanguratsua bultzatzen da benetako eta lankidetzazko testuinguruak sortuz.
ETHAZI zifratan
ETHAZIren lehen esperientzia pilotuak, 2013/2014 ikasturtean, Euskadiko LHko Sareko 5 ikastetxe inplikatu zituen, publikoak zein itunpekoak: 100 ikasle eta lanbide-arlo ezberdinetako 5 ziklotako 25 irakasle.
Gaur egun, Euskadiko LHko sisteman ETHAZI eredua finkatzeko edo sendotzeko fasean gaude, eta ikastetxe publikoek zein itunpekoek partehartzen dute.