Talentu teknikotik giza talentura FP Euskadin
Etengabeko eraldaketak eta gero eta konplexutasun teknologiko handiagoak markatutako lan-munduan, Lanbide Heziketak berebiziko garrantzia hartzen du enpleguaren etorkizunerako, lehiakortasunerako eta gizarte-kohesiorako. Hala ere, prestakuntza horren benetako potentziala ez da gaitasunen garapen teknikoaren bidez bakarrik lortzen, gaitasun pertsonalak eta sozialak trebatzea ere eskatzen du, ikuspegi integralagoa izateaz gain, prestakuntza-prozesuan dimentsio etikoa, giza eskubideak eta kultura demokratikoa funtsezko elementu gisa txertatuko dituena.
Balioak, adar garrantzitsua Lanbide Heziketan
Balioak giza portaera bideratzen duten printzipioak dira, eta zentzua ematen diete eremu pertsonalean, sozialean eta profesionalean egiten ditugun ekintzei.
Lanbide Heziketan dimentsio hori ezin da baztertu. Askotan, gaitasunetan gehiegizko enfasia jartzeak baloreen zeregina ikusezin bihurtzeko arriskua dakar; izan ere, balioak dira trebetasunak modu etikoan eta zentzuz praktikan jartzea ahalbidetzen dutenak. Eraginkorra izan arren, konpromisorik, enpatiarik edo osotasunik gabe jokatzen duen norbait benetan gaitua dela esan al daiteke? Zer zentzu du talde-lana garatzeak inklusioa, elkartasuna edo interdependentzia bezalako balioekin batera ez badoa? Zertarako balio du komunikatzeko gaitasun handia izateak, beste pertsona batzuk manipulatzeko, baztertzeko edo kaltetzeko erabiltzen bada? Gaitasunak, orientatuko dituen oinarri etikorik gabe, tresna huts bihur daitezke.
Alde horretatik, funtsezkoa da gaitasunak eta balioak bereiztea. Nahiz eta biak osagarriak izan, balioek oinarri gisa jokatzen dute gaitasunak eraikitzeko. Horrela, profesional onak prestatzeaz hitz egitea, persona onak prestatu gabe, kasurik onenean, ikuspegi osatugabea izango da.
Zalantzazko garairako gutxienekoen etika
Egungo testuinguruan, ziurgabetasuna, eraldaketa teknologikoa eta aldaketa kultural eta sozialak ezaugarri dituena, Lanbide Heziketak gutxieneko etika bat izan behar du, pertsonak lan- eta gizarte-ingurune konplexuetan irizpidez kokatu eta jardun ahal izateko. Kontzientzia morala sustatu behar da, bakoitzak erabaki hobeak eta bidezkoagoak zeintzuk diren bereizi ahal izateko, autonomia pertsonala garatuz.
Etika hori funtsezko balioen inguruan antolatu behar da, hala nola elkartasuna (enpatia eta komunitate-zentzua), inklusioa (aniztasunaren errespetua eta balorazioa), ekimena (inguruneko arazoen edo premien aurrean axolagabe ez geratzea, batez ere, bidegabekeria-egoeren aurrean) eta interdependentzia (denok garela kalteberak eta elkarren beharra dugula onartzea). FP Euskadin Balioak 4.0 izendatu ditugun balioak dira.
Ekonomia aurreratuen esperientziak erakusten duen bezala, balioek, lan-praktika humanizatzeaz gain, zuzeneko eragina dute produktibitatean, berrikuntzan eta enpresa-iraunkortasunean.
FP Euskadiko ikaskuntza-eredua balioetan hezteko tresna
Balioetan oinarritutako hezkuntza sozializazio-gune guztietan sortzen da: familian, eskolan, auzoan, komunitatean... Hala ere, zoritxarrez, gure ikasleen zati batentzat, Lanbide Heziketako ikastetxeak eta haien irakasleak erreferente etiko bakarrak dira. Sozializazio-eragileak asko diren, eta haien mezuak, batzuetan, kontraesankorrak diren gizarte-testuinguru batean, prestakuntza-zentroek hausnarketa etikoa egiteko, zentzua eraikitzeko eta iritzi kritikoa eratzeko gune aproposak sortzeko erantzukizuna dute.
FP Euskadiko ikaskuntza-ereduak aukera ematen du erronka solidarioak planteatzeko, hausnarketa partekatuko uneak sortzeko, mezu koherenteak transmititzen dituzten irakasle-talde kohesionatuak izateko, ikasleak taldean lan egiten jartzeko eta elkarlanean ikasteko... Horrela, ereduak eszenatokia eskaintzen du, non ikasleek beren gaitasun profesionalak garatzeaz gain, beren balioei buruzko gogoeta ere egiten duten. Hurbilketa horren helburua ez da printzipio-multzo itxi bat transmititzea, baizik eta ikasleek etikoki pentsatzeko, autonomiaz erabakitzeko eta beren irizpide propioarekin jokatzeko duten gaitasuna sustatzea. "Izaten" irakastea da, "egiten" irakastea bezainbeste.
Konklusioa: profesional osoak prestatzea
Lanbide Heziketa prestakuntza-proposamen integral gisa ulertu behar da, gaitasun teknikoak, pertsonalak eta sozialak giza balioekin eta kultura etikoarekin artikulatzen dituena. Ikuspegi horretan, balioei buruzko prestakuntza ez da dekorazio-gehigarri bat, lanbide-profilaren egiturazko osagai bat baizik. Prestakuntza integral horri esker, ikaslegoak lan-munduan arrakastaz txertatzeaz gain, gure gizartearen garapenean aktiboki lagundu ahal izango du.
Balioetan heztea ez da, beraz, aukera bat, beharra baizik. Horrela bakarrik prestatu ahal izango ditugu egungo erronkei arduraz, gizatasunez eta zentzuz aurre egiteko gai izango diren profesional talentudunak.