XV. Ikasenpresa Azokak FP Euskadiko talentu ekintzailearen epizentroa bihurtu du Eibar

Aurten ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Talentuaren Euskal Institutuaren (iTlent) bitartez eta Eibarko Udalaren laguntzarekin, Ikasenpresaren urteroko Azoka antolatu du. Aurten, 15. edizioan, 3000 ikasle baino gehiagok hartu dute parte, eta 630 proiektu ekintzaile baino gehiagorekin, sormenez, ilusioz eta talentuz bete dituzte Eibarko kaleak.

Gaur egun, ukaezina da ikastetxeetan ekintzailetzaren inguruko sentsibilizazioa eta lana sustatzeak duen garrantzi ekonomiko eta soziala. FP Euskadin horretaz jabetzen gara eta egunero lan egiten dugu Kultura Ekintzailea ikasgelan ezartzeko eta indartzeko. Kontua ez da “enpresariak sortzea”, baizik eta pentsatzeko eta jarduteko modu bat garatzea, gure gazteak behatzera, hausnartzera eta ikusten dutena zalantzan jartzera, alternatibak bilatzera eta ezarritako prozesuak hobetzera animatuko dituena. Pentsatzeko eta jarduteko modu bat garatu nahi da, pertsonak gai izan daitezen erronkak identifikatzeko eta erantzukizunak hartzeko, testuinguru aldakorretan funtsezko erabakiak hartzeko eta bizitzan zehar etengabeko ikaskuntzari eusteko.

Eta horixe da, hain zuzen ere, gure Ikasenpresa programarekin sustatzen saiatzen garena: pertsona dinamiko, aktibo eta arduratsuak, beren ingurunearekin konprometituak eta beren komunitatearen ongizate ekonomiko eta soziala bultzatuko duten alternatibak sortzera bideratuak.

Ildo horretan, joan den otsailaren 5ean, ekimen ekintzaileen erakusleiho bihurtu zen Eibar, eta hiru lurralde historikoetako FP Euskadiko 60 ikastetxe baino gehiagotako ikasleek parte hartu zuten. Industriaren eta fabrikazio aurreratuaren, digitalizazioaren eta konektibitatearen, merkataritzaren eta mugikortasunaren eta ongizatea hobetzearen arloko negozio-ideiek, hiriaren erdialdeko 4 eremutan banatuta, hezkuntza-ekitaldi hau topaleku bihurtu zuten Lanbide Heziketako ikasle eta irakasleentzat, haien familia eta lagunentzat, eta stand ezberdinetan erakusten ziren produktuak eta zerbitzuak ezagutzera hurbildu ziren ehunka eibartarrentzat. Benetako parte-hartze eta balorazio arrakasta, Euskadiko Lanbide Heziketako hezkuntza-komunitatea osatzen dugun pertsona guztien lan eta inplikaziorik gabe ezinezkoa izango zena.


Gure esker ona Hezkuntza Sailari eta Lanbide Heziketako Sailburuordetzari, ekintzailetza eta topagune hau bultzatzeko emandako babes eta konfiantzagatik; Eibarko Udalari, antolaketan eta logistikan emandako laguntzagatik, ezinbestekoak izan baitira jardunaldia behar bezala garatzeko; eta Eibarko herritar guztiei, emandako harrera beroagatik.

Eta, jakina, eskerrik asko Ikasenpresa azokaren XV. edizioan parte hartu duten FP Euskadiko ikasle eta irakasleei. Bere lanak eta energiak talentuz eta aukeraz betetako jardunaldi inspiratzailea ahalbidetu zuten. Lanean jarraituko dugu gure ikasleak komunitatearekiko eta garapen ekonomiko eta sozialarekiko erantzukizunean, parte-hartze aktiboan eta inplikazioan erreferente izan daitezen. Gure ikasleen gogobetetzeak eta irakasleen balorazio positiboek bultzatzen gaituzte hobetzen jarraitzera, ekitaldi hau Lanbide Heziketaren berrikuntzarako eta ekintzailetzarako erreferentzia-gune gisa finka dadin, gizarte bidezkoago eta jasangarriago batekin konprometitutako egungo eta etorkizuneko aldaketa-eragileak bilduz.