QUEEN proiektuak kalitatezko Lanbide Heziketa hobetzeko esperientziak partekatu ditu Corken
Azaroaren 4an eta 5ean egindako eskualde arteko laugarren topaketan, bazkideek orientazioa, ekintzailetza eta ikasleen ahotsa izan dituzte ardatz. Euskadik lan-esperientziaren bidez eskuratutako konpetentziak egiaztatzeko PEAC prozedura aurkeztu du.
Interreg Europe programako QUEEN proiektuko bazkideak Corken (Irlanda) bildu dira 2026ko azaroaren 4an eta 5ean, eskualdeetako politikak hobetzeko esperientziak trukatzeko. Cork County Council erakundeak antolatutako topaketan, prestakuntza-erakundeen eta ikasleen esperientziak ezagutu dituzte, baita lurralde bakoitzean erabilgarriak izan daitezkeen jardunbide egokiak identifikatu ere.
Euskadiren ekarpena: esperientziaren bidez ikasitakoa aitortzea
Jardunbide egokien trukean, Euskadik PEAC aurkeztu du: lan-esperientziaren edo ikaskuntza ez-formalaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak ofizialki aitortzeko prozedura. Beste lurraldeek ere hainbat esperientzia partekatu dituzte: Bukarest-Ilfovek elektronika eta automatizazioko prestakuntzarako sarbidea zabaltzeko bidea; Toscanak ikaskuntza dualaren oztopoei aurre egiteko ikuspegia; Finlandiak atzerriko prestakuntza egiaztatzeko aukera; Hego Moraviak praktikak hautatzeko plataforma; eta Zenica-Doboj kantonamenduak enpresa txiki eta ertainen eta ikastetxeen lankidetza sustatzeko laguntzak.
Bazkideek beren eskualdeetan sakonago aztertu nahi zituzten proposamenak bozkatu dituzte, hurrengo trukeen lehentasunak zehazteko.
Ikasletik ekintzailera: Corkeko esperientziak
Topaketan Corkeko gaitasunen garapenerako eta bizialdi osoko ikaskuntzarako ekimenak ezagutu dituzte. Horien artean, Start Your Own Business programak erakutsi du nola lagundu daitekeen lanbideetako profesionalak beren negozioa abian jartzen, mentoretzaren, taldeko jardueren eta parekoen sareen bidez. Esperientziak eztabaida piztu du lanbide orientazioari buruz: ikaskuntza dualetik ekintzailetzara igarotzeko aukerak erakusteak prestakuntza ibilbide horien erakargarritasuna indar dezake.
Munster Technological University eta Cork College of FET erakundeetara egindako bisitek aukera eman dute Irlandako eredua gertutik ezagutzeko, ordaindutako lana eta prestakuntza uztartzen dituena, lantokian nahiz prestakuntza zentroan ebaluatuta.
Ikasleen ahotsa eta hurrengo urratsak
Jason eta Abby ingeniaritza zibileko ikasleek Cork County Councilen duten esperientzia partekatu dute: astean lau egun lantokian eta egun bat online ikasten dihardute tutorearen laguntzarekin. Kerrie Anne Fitzgerald elektrikariak lehen enpresa aurkitzeko zailtasunak azaldu ditu, eta lanbideetan emakumeen ikusgarritasuna handitzearen eta ikasleei entzutearen garrantzia azpimarratu du.
EARLALLek eta Resolvok gidatutako tailerretan, bazkideek jardunbide egokien hurrengo trukerako gaiak identifikatu dituzte eta aldebiko bilerak planifikatu dituzte. Helburua da eskualdeen esperientziak ikaskuntza dualaren kalitatea, inklusioa eta erakargarritasuna hobetuko dituzten politika-proposamenetara eramatea.

