Ikasturte berri bat hasten dugu ikasten, hazten eta eraldatzen jarraitzeko.
Ikasturte berri bati ekin diogu hezkuntza-komunitate gisa aurrera egiten jarraitzeko ilusioarekin, helburu komun bat partekatuz: gure ikasleei gero eta konplexuagoa, aldakorragoa eta interkonektatuagoa den mundu batean moldatzeko beharrezkoak diren tresnak eskaintzea.
Ezer baino lehen, gure sareko kide guztiei ongietorria eman nahi diegu ikasturte berri honetan, eta eskerrak eman nahi dizkizuegu, egunez egun, Lanbide Heziketa berritzaile, elkarlaneko eta talentuaren garapenean oinarritutakoa bultzatzen laguntzen duzuen konpromiso, dedikazio eta ahaleginagatik.
iTlenten pertsonen garapen integralaren aldeko apustu sendo eta iraunkorrari eusten diogu. Horregatik, ekintzailetza bultzatzea, oinarrizko prestakuntza indartzea eta gure orientatzaileen sareari laguntzea helburu estrategikoak dira, ikasturte honetan gure eguneroko lana gidatuko dutenak.
ETHAZI, erronketan oinarritutako elkarlaneko ikaskuntza-eredua, ekintza horiei guztiei zentzua ematen dien erreferentzia-esparrua da. Euskadiko Lanbide Heziketaren ardatz egituratzaile gisa, errealitatearekin lotutako eta pertsonekin konprometitutako hezkuntzara bideratzen ditu gure ekimen guztiak.
Ikuspegi partekatu horrekin, ikasturte berri honetan gure konpromisoa berritu nahi dugu, pertsonak enplegurako ez ezik, gizarte justuago, kontzienteago eta demokratikoago baten eraikuntzan aktiboki parte hartzeko ere prestatzeko funtsezkotzat jotzen ditugun zenbait arlorekin.
Ildo horretan, pentsamendu kritikoaren garapena bultzatzen jarraituko dugu, ikasleei errealitatea begirada gogoetatsu batetik ulertzen, galderak egiten, informazioa kontrastatzen eta erabakiak modu kontziente eta arduratsuan hartzen lagunduz.
Era berean, kultura demokratikoari balioa eman nahi diogu, parte-hartze aktiboa, errespetua, berdintasuna, justizia soziala eta bizikidetza bultzatzen dituzten balioak, jarrerak eta praktikak sustatuz. Pertsonak herritartasun konprometitu, arduratsu eta ondasun kolektiboari laguntzeko gai izateko prestatuko dituen kultura.
Halaber, esparru partekatu bat eraiki nahi dugu, irakasleen garapen profesionala definituko duena, etengabeko ikaskuntza eta irakasleen konpromisoa aintzat hartuko dituena, prestakuntza gero eta berritzaileagoa, kalitate handiagokoa eta etorkizuneko erronkekin bat datorrena lortzeko. Esparru horrek prestakuntza eta garapen profesionalerako aukera desberdinak integratuko ditu, Euskadiko irakasleen etengabeko hazkundea bultzatuz beren bizitza profesionalean zehar.
Eta, jakina, ikastetxeen eta sareko pertsonen arteko lankidetza-espazioak indartzen jarraituko dugu, esperientzien trukea eta jardunbide egokien transferentzia sustatuz, ikaskuntzak partekatzeak kolektiboki haztea eta eragin positibo are handiagoa sortzea ahalbidetzen digulakoan.
Ikasteko, elkarlanean aritzeko, berritzeko eta guztion artean bizitzak eraldatuko dituen eta gizarte hobea lortzen lagunduko duen hezkuntza eraikitzen jarraitzeko aukeraz betetako ikasturtea opa dizuegu.
Ezagutza, esperientziak eta ilusioa partekatzen ditugunean, urrunago iristen garelako.
