Elkarlana ikaskuntzaren mesedetan

ETHAZI ereduan, elkarlaneko ikaskuntza ardatz nagusietako bat da. “Azkar joan nahi izanez gero, zoaz bakarrik; urrun iritsi nahi izanez gero, zoaz lagunduta” Afrikako esaera zaharrari jarraituz argi dugu, FP Euskadin, gure ikasleek, bai testuinguru profesional zehatz batean murgiltzeko baita bizitza osorako ikaste-prozesu eraginkorrak egonkortzeko ere, zikloan zehar aldamenean dituzten kideen laguntza aprobetxatzeko altxorra dela.

Elkarlaneko ikaskuntza estrategia bat da, non ikasleek, ikasle-talde txikietan antolatuta, elkarrekin lan egiten duten helburu komunak lortzeko, erantzukizunak partekatuz eta ezagutzak batera eraikiz. Taldekideen arteko elkarreragin aktiboan eta etengabeko elkarrizketan oinarritzen da, kide bakoitzak, taldeko ikaskuntzari laguntzen dion eta ezagutza partekatuari onura ateratzen dion ingurune bat sustatuz. FP Euskadin, ikaskuntza benetako egoerak simulatzen dituzten erronken bidez aplikatzen da, gaitasun profesionalak (teknikoak zein zeharkakoak) garatzen lagunduz.

Gure ikuspegitik elkarlanak hiru eremu garatu behar ditu eraginkorra izan dadin: taldeko kohesioa (talde kidetza bizitzea), ikaskuntza komunitatea (elkarri ikasten laguntzea) eta helburu komunak (talde eraginkor gisa aritzea). Irakasle-taldeak hirurak batera nahita landuta ikasle-taldeen garapen eraginkorra lortuko du. Eta taulan ikusten den bezala, taldekatze-estrategiaren arabera hainbat sakontasun-maila bereiz daitezke: entrenamendurako eskainitako eszenatoki-kopuruak badu garrantzia.

Beste aldetik, ikaslearen ikaskuntza prozesua arrakastatsua izan dadin, orokorrean, onartuta dago hainbat ikasketa-aspektu landu behar direla: harridura eragitea, kuriositatea areagotzea, babes-sentsazioa bermatzea, besteekiko miresmena bultzatzea, asetasunaz gogoeta egitea eta ospakizunaz gozatzea.

Ondorengo lerroetan ikaskuntzako aspektu horiek erabiliko ditugu ildo gisa eta gure elkarlaneko ikaskuntza planteamenduak dituen berezitasunekin gauzatuko ditugu loturak.

Harridura

Albert Einsteinek zionez “Denok gara oso ezjakinak, baina bakoitza gauza desberdinetan da ezjakina”. Bizitzan zehar gauza berriak aurkitzen ditugu, eta, batzuetan, egindako aurkikuntza horiek harrigarriak izaten dira ezagutza-eremu berriak bistarazten dizkigutelako. Hori da hasierako pausua ikaskuntza prozesuan: ezjakintasunaz ohartzea.

Gure ikaskuntza eszenatokietan ikasleek espero ez dituzten elementuak txertatzeko proposamenak egiten dira: berezko familia profesionaleko aspektuak azaleratzeko erronketako aurkezpenak edo taldeko kohesioa bultzatzeko kideekin ohikoak direnez gain bestelako konexioak eragiteko elkarlaneko jarduerak.

Irakasle taldeak diseinatzen duen ikaskuntza estrategian aurreikusi behar ditu zer elementu berritzaile eta zein momentutan jorra daitezkeen, ikasleek harridura hori sustatzeko.

Ikaskuntza ez da prozesu lineal bat

Ikaskuntza ez da prozesu lineal bat

Kuriositatea

Gauza berri bat aurkituta norberak erabakitzen du gaian murgiltzea edo ez. Hori da bigarren pausua ikaskuntza prozesuan: ikasteko nahia erakustea, azken finean, kuriositatea izatea.

FP Euskadiko ziklo bateko irakasle taldeak eskainitako zikloko gaitasun-mapan hainbat ikaskuntza-ibilbide eskaintzen ditu gaitasun profesionalak garatzeko; eta ikaskuntza-ibilbidea erronkarekin parekatzen da normalean. Erronka bakoitzak aukerak eskaintzen ditu aspektu tekniko desberdinak jorratzeko ez ezik ikasteko tresnak eta jokabideak entrenatzeko ere. Adibidez, konbergentzia prozesuetan, taldekideen proposamenetan arakatzeko aukerak eskaintzen dira; era berean, ko-ebaluazioko dinamikei esker norbera aberas lezaketen kideen ezaugarriak azalera daitezke.

Babesa

Ikasten ari garenean gure gabeziak eta ahuleziak erakusten ditugu; eta batzuetan, horien ondorioz akatsak egiten ditugu. Hori ez da txarra! Ikasleek konfiantzaz aritu behar dute ikaskuntzarako eskainitako eszenatokietan, babesa sentitu behar dute. Horregatik, ikaskuntza testuinguruak eremu pribatua izan behar du. Erakundeaz gain prozesuan dauden ikasleek ere horretaz jabetu eta rol aktiboa garatu behar dute.

Aspektu honetan ikasle-taldeak protagonismo handia hartzen du. Aniztasunaz aberasteko eta kideen uneko egoerez jabetzeko, taldeko inklusioa eta solidaritatea jorratzen ditugu. Hausnarketa prozesuan zehar aurkitutako hobekuntzarako aspektuak jakinda, taldeak, ikaskuntza komunitate gisa ulertuta, bilakaera horretan laguntzen du. Taldeko planean bideratzen den rol kudeaketa da adibide bat: kide bakoitzari gehiago ikasteko aukera ematen dion rola esleituta besteengan konfiantza garatzen du taldeak.

PDF-a deskargatu

Miresmena

Denok hainbat pertsona ditugu buruan, bizitza-erreferentzia gisa. Bizitzaren aspektu nagusietan guregan piztu duten hainbat lagun gogoan izaten ditugu, iparrorratz moduan. Nor etorri zaizu gogora?

Itsas-argi hori eskaini digutenei esker inspirazioa topatu izan dugu bizitzan zehar ageri izan diren gurutze-bideetan erantzun egokiak bideratu ahal izateko.

FP Euskadiko ikaskuntza testuingurura eramanda, elkarlaneko estrategiaren baitan, egoera aproposak diseinatzen dira elkar-ezagutza lantzeko eta interdependentziaz jabetzeko; hau da, kideen alderdi inspiratzaileak ezagutzeko eta jardunean jaso-eman lan-fluxu aberasgarriak integratzeko.

Aktibaziorako aurreikusita ditugun momentuak izaten dira politak taldekideekiko harremanak aberasteko. Jokabide horrek, zikloan zehar mantenduta, ikasle-taldeak dituen helburu komunak lortzeko gauzatu beharreko antolakuntza eta auto-erregulazio prozesuetan laguntzen du. Era berean, taldeak bideratzen dituen hausnarketarako uneek eta feedback-espazioek aukerak eskaintzen dituzte taldekideen talentuak azalarazteko eta haiei esker elkar-aberasteko.

Asetasuna

Eskuartean dugun edozein lan amaituta, nahi gabe ere, gogoeta-prozesu bat gertatzen da gure buruan: erantzun diot helburuari? Espero nuen moduan erantzun diot lanari? Konforme sentitzen naiz? Horiek eta antzeko galderak dantzan agertzen dira. Azken batean, asetasuna neurtzeko automatismoak dira. Eta horrela, lanez lan, erronkaz erronka, portaerak eta jokabideak ahalbidetzen ditugu.

FP Euskadin uste dugu heziketa ziklo osoko ikaskuntza ibilbidean ematen diren ikaskuntza-ziklo txiki (erronka) guztietan asetasun maila aztertu behar dela, elkarlaneko hausnarketa eta feedback estrategien bidez. Horretarako, Hattie-ri eta Timperley-ri jarraituz, begirada, jardueran (zenbaterainoko emaitza egokia lortu den) ipintzeaz gain, ebazteko eramandako prozesuan (erabilitako arrazoiketa eta horiek bideratzeko estrategiak) eta auto-erregulazioan (ikaskuntza prozesuei buruzko hausnarketa) ipintzeko proposamena luzatzen zaie zikloko irakasle taldeei. Eta hemen ere elkarlaneko estrategiak protagonismoa hartzen du.

Ekintza zehatzetara joanda, talde txikiko mailan, ikasketa-ziklo horrek, erronka batek alegia, aukerak eskaintzen ditu hausnarketarako tarteak era sistematikoan txertatzeko. Ikasle taldeko kideek, “taldeko plana” tresna erabiliz, taldeak harturiko ikaskuntza-helburuak eta jokabide-konpromisoak aztertzeko uneak dituzte; horrela, talde txikiko mailan, auto-erregulazioa eta antolakuntza aspektuetan lortutako asetasuna neurtzen dute.

Bestalde, ikasle gisa ere asetasun maila neurtzeko oso baliagarria da kideen bidez eskuratutako informazioa, haiek baitira jardunaren inguruko informazio mamitsuena biltzen dutenak. Ko-ebaluazio prozesu sistematikoen bidez parekoek eskainitako feedbacka asetasun maila neurtzeko tresna baliotsu gisa erabiltzen da.

Ospakizuna

Denok irudika dezakegu kirol talde baten ospakizuna lehiaketa bat amaitutakoan. Helburu komunak lortuta ospatu egiten dute; horregatik, lorpenak ez ospatzea arraro egiten zaigu. Zergatik ez jokatu berdintsu ikasle-taldeekin?

Aipatu bezala, ikasle-taldeak, alde batetik, eta ikasle bakoitzak, bestetik, elkarlaneko ikaskuntzako hainbat helburu zehazten dituzte; horietako batzuk garatzen diren gaitasun profesionalekin lotuta daude eta beste batzuk elkarlanak garatzen dituen aspektuekin: taldeko kohesioa, ikaskuntza komunitatea eta antolakuntza.

Neurri batean, ospakizuna da feedbacka erakusteko beste modu bat; horrela ikusita, orduan, ospakizun informala eta formala bereiz ditzakegu. Normalean, ospakizun informala jarduera solteekin lotzen da: irribarre bat, bostekoa kide batekin, zaplada bat bizkarrean… Lortu dut! Lortu dugu! mezua helarazten da horrelakoetan.

Edonola ere, ospakizun formala era sistematikoan ere bidera daiteke: talde bezala, nola ospatuko dugu egindako lanaren emaitza? Eta norberak, nola ospatuko du emandako pausua ikaskuntza ibilbidean? Lehenengo kasuan taldeko planean egon daiteke jasota ospakizunarekiko jokabidea; bestean, bai portfolio batean, ikaskuntza eguneroko batean edo bestelako espazio batean ikasleak jaso dezake bere jokabidea.

Artikuluari itxiera emateko, era laburtuan, ideia nagusiak birpasatuko ditugu.

Ikaskuntza prozesuan hainbat aspektu kontuan hartu behar ditugu ikaste esperientzia eraginkorra izan dadin, hau da, ikaslearengan ikaskuntza esanguratsua gerta dadin.

FP Euskadin, ikaskuntza prozesuak bideratzeko, elkarlana erabiltzen dugu funtsezko tresna gisa. Zikloko irakasle taldeak gauzatzen duen elkarlanaren estrategiari dagozkion eremuak landuz, ikasleei laguntzen die gaitasunetan oinarritutako eboluzioan, antzematen den profil profesionalerantz ahalik eta gehien hurbiltzeko.

Aipatu bezala, elkarlanean aritzen ikasteko ere entrenamendua beharrezkoa da; horregatik da hain garrantzitsua ziklo osoko begirada kontuan hartzea irakasle taldeak. Era berean, irakasle taldeek ere entrenamendua behar dute, ikasi behar dute estrategiak diseinatzen eta gauzatzen; eta, horretarako ere, sareko lanak protagonismoa aldarrikatzen du gure FP Euskadin. Baina hori, sareetan nola antolatzen garen eta elkarri ETHAZI eredua ezartzen nola laguntzen diogun beste artikulu baterako istoriotxo bat da…