Erantzukizun sozial korporatiboa eta horren onurak: FP Euskadiko 4.0 balioetara begira
Enpresek gizartean duten eragin positiboa
Ingurumen-arazoez eta inguruko erronka etiko eta sozialez gero eta kontzienteago den mundu honetan, praktika sozialki arduratsuak hartzea eta erantzukizun sozial korporatiboa (ESK) sustatzea ezinbesteko beharra bihurtu da enpresentzat.
Oro har, erantzukizun sozial korporatiboa (ESK) enpresek beren negozioak modu etiko, arduratsu eta iraunkorrean kudeatzeko hartzen dituzten praktika eta politikei dagokie. Praktika horien helburua ez da soilik etekin ekonomikoak sortzea, baizik eta enpresek gizartearen ongizatearekiko konpromisoa hartzea, gizartean eta ingurumenean eragin positiboa bultzatuz. Ildo horretan, ESKk jarduera-sorta zabala hartzen du bere baitan, politika ekologikoen ezarpenetik tokiko komunitateen garapen iraunkorrari laguntzeraino eta aniztasuna eta inklusioa sustatzeraino.
Ikuspuntu horretatik, enpresetan erantzukizun sozial korporatiboa hartzea ezin hobeto osatzen da FP Euskadik sustatzen dituen 4.0 balioekin. ITLENT Lanbide Heziketako Talentuaren Euskal Institututik, gure Balioak 4.0 proiektuaren bidez, eta ikasgelako jarduera guztietan balioetan zeharkako prestakuntza txertatuz, pertsonak profesional hobeak eta gizartean aldaketarako eragile erabakigarriak izan daitezen laguntzen dugu.
Balioei buruzko prestakuntza hori osatzen duten ekintzen eta ekimenen artean, besteak beste, hitzaldiak eskaintzen dira hainbat enpresarekin, enpresa horien barruan balioek daukaten garrantziari eta horien kudeaketari buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko.
Ekimen horietako bat datorren ostegunean, urtarrilaren 16an, egingo da CIFP Usurbil LHIItik. Bertan, elkarrizketa bat egingo diogu Oihane Sanz-i, Irizarreko Ingurumen arduraduna. Berak azalduko digu zer-nolako garrantzia duten pertsonek, jasangarritasunak eta balio etikoek enpresa horretan, eta aukera emango digu gizarte-erantzukizun korporatiboari eta gizartearentzat eta ingurunearentzat dituen onurei buruzko ideiak trukatzeko.